San Cristóbal - Ezkaba Eskualdeko Parkea

Ezkabako Parkearen proiektuan herritarrek parte hartzeko prozesua abiarazi da

2016/09/30

Ezkaba mendiaren esparrua osatzen duten udalerri eta kontzejuek eta Iruñerriko Mankomunitateak herritarrek parte hartzeko prozesu bat abiarazi dute, naturgune hau berrantolatu eta eskualdeko parke bihurtzeko helburua duen Ezkabako Parkearen proiektuari lotuta.

Proiektuan parte hartzen ari diren toki erakundeez gain (Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Ezkabarte, Uharte, Iruñea eta Atarrabia udalerriak, eta Aitzoain, Artika, Arre, Azotz, Berriogoiti, Zildotz, Orrio eta Untzu kontzejuak), prozesu honetan Mankomunitateak, Anaitasuna elkarteak eta SOS Ezkaba elkarteak dihardute.

2016ko parte-hartze prozesu hau urte honen hasieran, urtarrilean, parkearen proiektuan parte hartzen ari direnek adostu zuten hitzarmenaren barnean dago. Hitzarmen horrek, gainera, barnean hartzen du natura eta ondare baliabideak zehazteko beharrezkoak diren azterlanak egitea, parke adierazpena emateko eskumenak dituzten erakundeetan proiektuaren izapideak bideratzea eta proiektua finantzatzeko bidea emango duten baliabide ekonomikoak lortzeko elkarlanean jardutea.

Joan den irailaren 21ean, planaren Jarraipen Batzordea –lehenago aipatu diren erakundeek eta elkarteek eratua– Artikako Udalaren kultur etxean bildu zen, herritarrek parte hartzeko proposamena onartzeko. Prozesu honek 2010-2011 urteetan egindakoa osatuko du.

Aurretik, 2016ko lehen hiruhilekoan, hainbat jarduera egin dira, parte hartzeko prozesura bideratutako informazioa biltzeko. Hartara, elkarrizketak egin dira udalerrietako eta kontzejuetako ordezkariekin, Nafarroako Gobernuaren ordezkariekin (Nekazaritza eta Ingurumena eta Lurralde Antolamendua), taldekako bilerak (SOS Ezkaba, Mendi Federazioa eta Defentsa Ministerioa), bisita gidatuak eta auzolan-boluntariotza jardunaldi bat mendia garbitzeko.

Ekarpenak eta ideiak biltzeko tresna

Herritarrak, ingurunea ikuspegi partikularrago batetik bizi eta esperimentatzen duten erabiltzaile zuzenak diren heinean, eskualdeko parkearen eredu egokia taxutzen lagunduko duten arazoak eta premiak detektatzeko gai dira. Herritarrek parte hartzeko prozesua hurrengo abendua bitartean garatuko da eta, horrenbestez, lankidetzarako tresna bat izango da, parkearen lurraldea antolatzeko eta kontserbatzea bermatzeko ekarpenak eta ideiak biltzeko bidea emango baitu.

Antolatu diren jardueren artean, urriaren 3a eta 14a artean, prozesua jendaurrean aurkezteko zazpi ekitaldi egingo dira herri desberdinetan. Urriaren 25ean, Uharteko udaletxean, lehenbiziko tailerra egingo da, diagnostikoa egiteko eta jarduteko ildoak azaltzeko. Tailer horretarako deia, hain zuzen, tokiko erakundeei eta taldeei egingo zaie. Azaroaren 22an, Iruñeko San Pedroko Ingurumen Heziketarako Museoan, bigarren tailerra egingo da, eta bertan eztabaida egingo da eta jarduteko ildoak onartuko dira. Prozesua abenduaren 14an bukatuko da; zehazki, amaiera jardunaldi bat egingo da Iruñerriko Mankomunitatearen egoitzan. Prozesuarekin eta jardueren programarekin lotutako informazio guztia www.participa-sce.com webgunean kontsultatu ahal da.

Udazkenean, Ezkabako Parkearen Planaren dokumentua amaituko da, eta paraleloan hartuko ditu barnean herritarren parte-hartze prozesuko ekarpenak. Gero, Jarraipen Batzordeak onetsi beharko du dokumentu hori, izapideak bideratzeko, Nafarroako Gobernura bidali aurretik.

Ezkabako Parkearen proiektuan herritarrek parte hartzeko prozesua abiarazi da

Zerrendara itzuli